XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nahiz eta neri oso haran erakargarria iruditu, badirudi ez dabilela turismorik.

Pasatuxea dut goizeko bizipoza.

Jada 70 km eginak ditut.

Ez nago nekatuegi baina bero itogarri honek ez du bidera irteteko gogorik ematen.

Mapari begira jarri naiz bazkaldu ondoren zenbaitek zigarroa erretzen duen bezala.

Nere biziotxoa da.

Mapari begira minutuak eta minutuak egon ohi naiz, askotan begiak inon finkatu gabe, itsasoari edo suari begira bezala.

Erabaki gabe dut oraindik hemendik 15 kilometrora dagoen bidegurutzean zein bide hartu: eskuinekoa, errazena, Aprica gaina igo eta Valcamonica-n zehar Passo di Tonale-tik Bolzanora jo ala ezkerrekotik Stelvio-ko bidea egin.

Stelvio izenak erakarpen majikoa du nere karrerista buruan.

Gogoan dut nola aspaldi 1.971 edo 1972a izango zen telebistan ikusi nuen Giro-ko etapa bat gailurrean bukatzen, Julio Jimenez aurrena, Fuente bigarrena, Merckx uste dut hirugarrena, eta nola txirrindulariak arnasarik gabe heltzen ziren bata bestearengandik denbora askora.

Tresenda-ko bidegurutzera heldu naizenean ez naiz oroitu ere egin nere zalantzez eta Bormio aldera hartu dut Aprica gaina eta Valcamonica harana olagizonen lurra alde batera utzita.

Irakurtzen dudanez antzina Valtelina eta Valcamonica haran bera ziren, mapari erreparatzea aski marra zuzen berberaren bi zatiak direla ohartzeko, baina kontinenteen barne mugimendu etengabeak direla medio iparretiko indar europarrek eta hegoaldetiko afrikarrek trink egin zuten hemen, besteak beste Aprica-ko gaina altzatuz eta harana bitan banatuz.

Gaur bi haran berezi dira, bata Valtelina, Adda ibaiarekin, eta bestea Valcamonica, Ogglio-rekin.